
San Rokeburuko zabortegia
1972 eta 1973 bitartean Aramotz auzoko herritarrak auzoko arazoei aurre egiteko antolatzen hasi ziren, eta geroago Herria elkartea izango zenaren lehen zimenduak jarri zituzten. Dena den, protestek eta ezinegonak ez zuten indarrik hartu 1974an Durangoko Udalak San Rokeburun eskualde osoko zaborrak batuko zituen zabortegi bat zabaltzeko asmoa aditzera eman zuen arte.
Gehiago irakurri…
Erakunde publikoetatik behin eta berriz zioten zabortegia kontrolatua zegoela, baina ezta inola ere: kiratsa, zikinkeria, arratoiak eta zabotegi batek sor ditzakeen gainerako alderdi gogaikarri guztiak jasan zituzten San Roke eta Aramotz auzoetako biztanleek. Hori gutxi balitz, auzokoei bidegabeki leporatu zitzaien beraiek nahita piztu izana behin edo behin gasen pilaketak eta beste faktore batzuek zabortegian eragindako suteak. Zabortegiak haserrea piztu zuen auzokideen artean eta protesta-ekintza desberdinak antolatzen hasi ziren. Haien ernegua adierazteko, besteak beste, Durangoko San Fausto jaiei hasiera emateko egin ohi zen karroza-desfilean atera ziren. Manifestazio entzutetsuena, ordea, etxeko zarama poltsak hartu eta Aramotz auzotik udaletxeraino egin zutena izan zen: protesta modura, udaletxean pilatu zituzten zaramaz beteriko poltsak. Gaur egun, inolako kontrolik ez zuen San Rokeburuko zabortegi hura udal-lorategi bat da. 1977an itxi eta garbitu zuten gunea eta, orduandik, mahaiak eta erretegiak daude herriaren ikuspegi ederra duen lursail horretan. Urte hartan bertan, 1977ko abuztuaren 31n zehazki, HERRIA auzo-elkatea legezkotu zuten.

Udalekuak
Zortzi urtez jarraian, Herria Elkartekook haurrentzako udalekuak antolatu genituen. Gure eskualdean aitzindariak izan ginen mota honetako udalekuak antolatzen -kontuan izan garai hartan erakunde publikoek ez zutela horrelako jarduerarik programatzen
Gehiago irakurri…
Ekimenaren helburua inguruetako kolektibo behartsuenetako haurrei udan gozatzeko aukera ematea zen, eta arrakasta itzela izan zuten, izan ere, haur asko eta askok hartu zuten parte boluntariotzan oinarritutako udaleku haietan. Garrantzizkoa da azken puntu hori nabarmentzea, ekimen hura ez baitzen posible izango begirale, sukaldari eta laguntzaile lanetan ibili ziren boluntarioengatik izan ez balitz. Erakunde publikoek udalekuen sarea martxa jartzearekin batera proiektu eder haren amaiera etorri zen, gure ahalegina ez baitzen jada beharrezkoa.
Hona hemen udaleku horiek antolatzeko hautatu genituen lekuetako batzuk:
Corella eta Lizarra, Nafarroan; San Asensio, El Rasillo eta Ezkarai, Errioxan.

San Roke eskola
70eko hamarkadaren amaieran auzoko eta inguruetako haurrentzat eskola publiko bat lortzeko borrokatu ginen, Durangon orduan zeuden bi eskolak (Intxaurrondo eta Landako) oso urrun baitzeuden gure guneko haurrentzat. Helburu hura lortzea ez zen erraza izan, hezkuntzaren eskuduntza Eusko Jaurlaritzaren menpe baitzegoen oso-osorik
Gehiago irakurri…
,baina zailtasun guztien gainetik, erakundeek onartu egin zuten gure eskaera eta 1980an San Roke eskola publikoa eraiki zuten.
Geroago, berriz antolatu behar izan ginen eskolari argitasuna eta airea kenduko zizkion etxebizitza-bloke baten eraikuntza eragozteko. Kasu hartan, ordea, higiezinen sektorearen interesak auzoaren interesen gainetik jarri ziren. Behintzat, lortu ahal izan genuen hasierako planak aldatzea etxebizitza-blokearen aurrealdea eskolatik 5 metrora beharrean 25 metrora eraiki zezaten.
Zenbait urte igarota, jaiotze-tasaren beherakadak San Roke eskola ixtea ekarri zuen eta Durangoko Hizkuntza Eskola jarri zuten martxan eraikinean. Berriki, ordea, Landakoko eskolan zegoen haur-pilaketa handia ikusita, eta Hizkuntza Eskola eraikin berriago batean kokatu ondoren, lehenago San Roke eskola zegoen tokian Haur eta Lehen hezkuntzako Zabalarra eskola publikoa zabaldu zuten.

Saihesbidea
Auzo-elkarte gisa bizi izan genuen hirugarren gatazka nagusia Durangoko saihesbidearen ingurukoa izan zen. Udalaren helburua errepide berri hura Aramotz auzoaren eta Durangoko hirigunearen artean eraikitzea zen, baina horrek, jakina, isolatuta utziko zukeen gure auzoa.
Gehiago irakurri…
Hasierako planen arabera, saihesbidea Durangoko ikastetxe asko (Kurutziaga Ikastola eta Sagrado Corazon Ikastetxea “Frantsesak”) dauden gunetik igarotzea zen asmoa. Beste behin, auzokoak manifestatzera atera ginen eta, presio haren ondorioz, aldatu egin zuten saihesbidearen proiektua: ibilbide berria auzoaren atzealdetik igaroko zen eta, hala, auzoak hiriguneari lotuta jarraituko zuen, gaur egun dagoen bezalaxe.

Kultur jarduerak
Aurkezpenean aipatu dugun bezala, Herria Auzo-elkartearen xede bakarra ez da izan arazo urbanistikoei konponbidea aurkitzea. Izan ere, diktadurak utzitako oinordetza tristea zela eta, kultur eskaintza oso eskasa zen urte haietan eta beste zerbitzu batzuen gabezia ere nabarmena zen.
Gehiago irakurri…
1977 eta 1990 bitartean musikariak ekarri, zinema-zikloak antolatu eta antzerkia sustatu zuen Herria Elkartearen barruan sortu genuen kultura batzorde grinatsuak. 1980 eta 1987 bitartean, Herriak honako abeslari euskaldun ospetsuak ekarri zituen Durangora: Imanol, Ruper Ordorika, Txomin Artola, Maite Idirin, Lertxundi, Mikel Laboa eta Oskorri. Baina ez horiek bakarrik, Euskal Herritik kanpoko musikariekin ere kontzertu ederrak antolatu zituzten, eta besteak beste, Eric Bardo, Silvio Rodríguez eta Pablo Milanés, Eduardo Aute, María del Mar Bonet, Joaquín Sabina, Lole y Manuel, Lluis Llach, Amancio Prada, Gwendal eta Georges Moustaki izan genituen gure artean. Azken horrek, estatu mailan egin zuen gira baten barruan, Ezkurdi frontoian -2500 bat entzuleren aurrean- eman zuen Euskadiko kontzertu bakarra.
Nazioen kontzertu handi bat ere antolatu genuen, non batera jo zuten Benedicto eta Bibiano galiziarrek, Xavier Ribalta kataluniarrak, Maite Idirin eta Gernika euskaldunek, Luis Pastor madrildarrak, Pablo Guerrero extremadurarrak eta beste hainbatek.
Zinema-zikloetan, Donostiako Zinemaldian erakusten ziren filmak ikusteko aukera izan genuen noiz edo noiz, eta Durangora zinemalditik zuzenean etorritako zuzendarien presentziaz ere gozatu ahal izan genuen.
Egun, Durangoko Udalak kultura batzorde bat du, San Agustin kulturgunea martxan dago, udal-zerbitzuak ere badaude eta aurrekontu oparoa bideratzen da kultur jardueretara.
Testuinguru horren aurrean, Herria elkartetik erabaki genuen arlo honetan ez zegoela gure lanaren beharrik, eta ekitaldi kulturalak antolatzeari utzi genion.
Hala ere, ikusten dugu Durangoko kultur eskaintzan ez dela garai hartan bezala Euskal Herriko zein kanpoko artista entzutetsuen joan-etorri bizirik, eta horren falta somatzen dugu. Gure iritziz, gaur egungo eskaintzak, urriagoa eta garestiagoa izatezeaz gain, harrera hotzagoa du durangarrengandik.

Elkartasuna auzotik haratago
Herria Elkartetik gure auzotik kanpo gertatu diren kontuetan ere busti izan gara. Horren adibide argia da seropositiboa zela jakin ondoren ikastetxe erlijioso batetik bota zuten mutikoaren kasua. Egoera horren aurrean, gure elkarteak elkartasun-neurriak jarri zituen martxan, eta Durangoko kaleetatik igaro den protesta jendetsuenetarikoan parte hartzera deitu zituen durangarrak. Elkartasun-ekintza haien ondorioz, umea San Roke eskola publikoan eskolarizatzea lortu zen.
Saharar herriarekiko elkartasuna
2001ean laguntza humanitarioa batzeko eta udan haur saharrak ekartzeko proiektuak martxan jartzea erabaki zen asanbladan. Herria Elkartea 2016ra arte izan zen bi proiektu horien arduradun; urte horretan, Rio de Oro Durangaldea.GKE lagunari eman zion lekukoa.
Saharar herriari laguntzeko erabakia bi proiektutan mamitu zen:
Gehiago irakurri…
DURANGALDEKO KARABANA SOLIDARIOA
Karabana Solidarioa saharar herriarekiko koorperazio- eta lankidetza-proiektua da. Proiektuaren helburu nagusia Durangaldean ahalik eta laguntza humanitario gehien biltzea, eta gero, Tinduf-eko (Algeria) errefuxiatu kanpamentuetara bidaltzea da.
Sobera ezaguna da saharar herriak bizi duen egoera gogor bezain tamalgarria: haien lurretan eraso egin zietenetik, beren herria utzi eta Saharako basamortuko eremu gogor eta idorrenean bizirauten dute saharar gehienek. Baldintza penagarrietan bizi dira, eta ezin dutenez inongo aberastasunik ustiatu, beren bizitanleria hornitzeko aukerarik ere ez dute, eta nazioarteko laguntzaren menpe bizi dira erabat.
Egoera latz eta larri hori ikusita, Durangoko Herria Auzo-elkartetik erabaki genuen Durangaldean Karabana Solidarioa proiektua bultzatu eta indartzea. Proiektuak eskualdeko udal askoren babesa jaso zuen, eta ez genuke eskerrak emateko aukera hau alferrik galdu nahi: eskerrik asko Abadiño, Berriz, Atxondo, Durango, Zaldibar, Mallabia, Iurreta, Garai, Izurtza eta Mañaria.
OPRRAK BAKEAN
Oporrak Bakean proiektuak elkartasuna eta laguntza desinteresatua ditu ardatz. Proiektua bera gerraren erdian jaio ziren eta gaur egun oraindik haren ondorio latzak jasatzen aridiren haurrei uda lurralde gupidagabe haietatik kanpo igarotzeko eta beste errealitate batzuk ezagutzeko aukera emateko jaio zen. Haurrei udaz klima atseginago batean gozatzeko, ondo jateko eta medikutara joateko aukera emateaz gain, herrien arteko loturak sortzea ere badu helburu, harreran hartutako umeen eta bertoko familien artean sortzen den konplizitateak eta batak bestearengandik jasotzen duen aberastasunak balio neurtezina baitute.
