Nor gara
HERRIA Auzo-elkartea gure auzoak zituen arazo larrei erantzuko asmoz sortu zen, izan ere, instituzio publikoen utzikeria dela eta, asko ziren Aramotz auzoak zituen beharrizanak. Garai hartan, San Rokeburuko zabortegia zen arazo nabarmenena, nahiz eta bazeuden gure elkartea sortu baino lehenagotik auzokideak konpontzen saiatzen ari ziren beste kontu batzuk ere, besteak beste, asfaltatzeari eta estolderiari loturiko gabeziak.
Zabortegia ixtearekin batera ez ziren, inola ere, auzoko zereginak bukatu, beste zenbait kontutan ere gure bultzada eta auzokideena ezinbestekoa izan baitzen konponbidea lortzeko. Ezbairik gabe, auzo-elkarte ororen helburua auzokideen nahiak betetzen saiatzea da, eta gue kasuan, nahi horiek urbanistikoak zein kulturalak izan daitezkeela uste dugunez, Herriak bi norabide horietan ekitea erabaki zuen, lehen urteetan batez ere.
Arlo urbanistikoan, zabortegiari, saihesbideari, ur-mozketei -garai batean sarri gertatzen ziren-, estolediari eta beste hainbat konturi loturiko arazoak konpontzeko proposamenak egin ditugu. Kultur jarduerei dagokienez, berriz, jaialdi handiak antolatu genituen Euskal Herriko zein kanpoko musikari apartak Durangora ekartzeko. Bestak beste, Silvio Rodriquez, Pablo Milanés, Luis Llach, Georges Muostaki, Benito Lertxundi, Oskorri eta Mikel Laboa izan genituen gue artean, bai eta deitu diegun bakoitzean etortzeko prest agertu diren Imanol eta Geroa antzerki-taldeko lagunak ere. Kultur eskaintzaren barruan, aisialdirako jarduerak ere antolatu genituen hasierako urte haietan: udalekuak, haurrentzako festak, etab.
Ordea, Heria auzo-elkarteak ez du bere inguru hurbilenera soilik begiratu, zapaldutako herri guztienganako elkartasuna baitu helburu eta, ahal duen heinean, horretara ere bideratzen du bere ahalegina. Hori dela eta, lerro hauetan aipatu ditugun kontu guztien gainetik, gure lorpen handiena bizi izan ditugun garai malkartsuetan eta gure arteko desadostasun politikoen gainetik -zeinek inoiz talka sutsuak eragin dituzten- elkartasuna eta tolerantzia susatatzeko gai izatea da, bai auzoan bertan bai beste kolektibo batzuekiko.
